Euskal Herriko komunista, ezkertiar eta abertzaleen bilgunea.
Foro de komunistas, gente de izquierdas y abertzales de Euskal Herria.

4/28/2005

Greba mugagabean daude Jaso Industrialeko langileak

Itsasondoko Jaso Industrial enpresako langileek 18 egun daramatzate greba mugagabean, zuzendaritzak langile bat kaleratu izana eta enpresa batzordeko kide bati ezarritako zigorra salatzeko. Greba eragin duten azken arrazoiak horiek izan arren, gatazka lehenagotik dator eta zuzendaritzarekin harremanak aspaldi gaiztotu zirela esan dute langileek.

DONOSTIA

Itsasondoko Jaso Industrial enpresak 180 langile inguru ditu, eta horietatik gehienak, hamabost bat izan ezik, greba mugagabea egiten ari dira apirilaren 11z geroztik, langile bat kaleratu dutela eta enpresa batzordeko kide bati 20 eguneko zigorra ezarri diotela salatzeko.

Lantegian duten gatazkaren berri emateko, komunikabideen aurrean agerraldia egin zuten, atzo, enpresa batzordeko LAB, ELA eta CCOOko hainbat ordezkarik, tartean zigortutako langilea. Azaldu zutenez, grebara joateko azken arrazoia langile bat kaleratu izana eta beste bati zigorra ezartzea izan bada ere, gatazka lehenagotik dator. Zuzendaritzak, eta zehazki gerenteak, langileen eskubideak «ukatu» egiten ditu sindikatuek diotenez, eta enpresa batzordea «jazartzen» du.

Batzordeko ordezkariek esan zutenez, zuzendaritzaren eta haien arteko harremanak 2002. urte amaieran hasi ziren gaiztotzen, enpresa batzorde berria hautatzeko hauteskundeen ondoren. LABek sei ordezkari lortu zituen, bi ELAk eta bat CCOOk. Ordutik, sindikatuen arabera, tentsioa hasi zen gerentearen eta batzordearen artean.

Zuzendaritza lan araudia ez betetzen hasi zela salatu zuten, «elkarrizketan oinarritutako lan harremanen alde egin beharrean». Horren adibidetzat aipatu zituzten zuzendaritzaren «utzikeria» segurtasun eta osasun ordezkariekin, eskatutako dokumentazioa ez ematea, batzordearekiko «jazarpena» eta bilera eskubidea urratzea, besteak beste. Gerentearen aldetik «mehatxuak» ere izan direla adierazi zuten, enpresa batzordeko kideei nahiz «lan errelebo oso bati». Haren jarrera «autoritarioa, harroputza eta prepotentea» da, batzordeko kideen iritziz.

LAB, ELA eta CCOOk azaldu zutenez, greba egitera bultzatu dituen azken arrazoia langile bat kaleratu eta beste bat zigortzea da. Martxoaren 18an, 60-70 langilek norberaren kontsumorako aurrez eskatua zuten oliba olioa iritsi zen, «urteetan» beste produktu batzuekin egin izan duten bezala. Kaleratua garraiatze hori eskatzearen arduraduna izan zela-eta, gerenteak kaleratzea erabaki zuen, eta beste langile bat zigortzea «kolaboratzaile» izateagatik.

Sindikatuen ustez, erabakia «neurrigabea» da eta «erabat lekuz kanpokoa». «Lotsagarritzat» jo zuten egoera, eta gogora ekarri zuten gerenteak inoiz parte hartu izan duela horrelako eskaera batzuetan.

Zigorra bertan behera uzteko eta kaleratua berriro hartzeko eskatu zuten, eta egoera konpontzeko hitz egiteko prest daudela nabarmendu zuten.

Iturria >> Gara.net