Euskal Herriko komunista, ezkertiar eta abertzaleen bilgunea.
Foro de komunistas, gente de izquierdas y abertzales de Euskal Herria.

4/27/2005

Langile bat hil da Ultzamako baso batean, pago bat gainera erori zaionean

Langile bat hil zen atzo Ultzamako pagadi batean lanean ari zen bitartean. Mozketak egiten ari zela, pago bat gainera erori zitzaion 62 urteko gizonari, eta berehala hil zen. Istripua sindikatuak lanean arriskuak salatzeko mobilizazioak hasi dituztenean izan da, laneko osasunaren nazioarteko egunaren inguruan.

GASTEIZ


Sindikatuek lan istripuak salatzeko mobilizazioak hasi zituzten egun berean, langile bat hil zen basoan lanean ari zela. Langilea, Martin B.B., 62 urtekoa Arraitz-Orkineko pagadi batean, Ultzamako udalean, ari zen lanean. Nafarroako Gobernuak azaldu zuenez, Jaurrietako biztanlea zen. Langileari pago bat gainera erori zitzaion, eta berehala hil zen.

Foru Poliziak gertaera horri buruzko ikerketa hasi du. Hildakoaren lankideek 19.08ean istripuaren berri eman zuten.

Hain zuzen, laneko osasunaren nazioarteko eguna dela-eta mobilizazioak atzo hasi zituzten Euskal Herrian. Izan ere, Duinek atzoko eguna aukeratu zuten prekarietatearen aurkako mobilizazioak egiteko hainbat herritan; toki bakoitzean prekarietatearen aurkako plataformen eskutik. Donostian, Artzain Onaren elizaren plazan, elkarretaratze zaratatsu bat antolatu zuten helburu horrekin. Biharko ere antolatu dituzte Duinek ELA, LABeta ESK sindikatuekin manifestazioak «prekarietatea suntsitu, patronala errudun» leloarekin.

CCOOk Gasteizen egin zuen atzo ekimena, Araban apirilaren 28a ­lan osasunaren nazioarteko eguna­ San Prudentzio eguna da-eta. «Lan osasuntsu eta segurua» lemarekin ordezkarien asanblea egin zuen sindikatu horrek. Ondoren SEAko patronalaren egoitzaren aurrean elkarretaratu ziren enpresaburuei arauak betetzeko eskatzeko, eta prekarietateak segurtasunean duen eragina salatzeko. Josu Onaindi idazkari nagusiak parte hartu zuen ekimen horretan. LSB ere toki berean elkarreratu zen eguerdian.

Gaur ELA, LAB, ESK eta EILAS

Gaur ere mobilizazioak aurreratu egingo dituzte Gasteizen. ELAko ordezkariak Lan Ikuskaritzako egoitzan elkartuko dira eta SEAren egoitzara joango dira, lurralde honetako istripu kopuru «onartezina» salatzeko. «Enpresaburuek istripuak ezkutatzen dituzte edo garrantzia kentzen diete irudia zuritzeko edota ikerketak saihesteko», gaineratu du sindikatuak. Lan Ikuskaritzan giza baliabide eskasak gaitzetsi zituzten.

LABek 11.30ean FREMAP mutuaren aurrean elkarretaratzea egingo du «Gelditu! prekarietateak hiltzen du» lemarekin eta mutuek laneko osasunaren kudeaketan duten zeregina salatzeko.

ESK-k eta EILASek ere Mutua Cyclopsen aurrean «mutuek gaixotzen direnekiko edo istripuak dituztenekiko duten jarrera» salatzeko. «Bezeroak lortzeko lehian sartu dira. Enpresei absentismoa jaitsiaraziko dutela agintzen diete, aurreikuspena egin ordez», esan zuen.

Iturria >> Gara.net