Euskal Herriko komunista, ezkertiar eta abertzaleen bilgunea.
Foro de komunistas, gente de izquierdas y abertzales de Euskal Herria.

4/28/2005

Momentu hunkigarriak Espainiako Entzutegi Nazionalean

Momentu hunkigarriak bizi izan dira gaurkoan espainiar Entzutegi Nazionalean. Bukatu da euskal gazteriaren kontrako epaiketa politikoa, hankaz gora utzi da banan banan gazteen kontrako argumentu oro, eta Aiora Epelde eta Arkaitz Rodrigez ezik, aske utzi dituzte guztiak, sententziaren zain noski.

Gaur zen bukatzekoa epaiketa. Defentsako abokatuek defentsa burututa, auzipetu guztiek izan dute hitz egiteko edo replika burutzeko aukera, hauek sententziaren zain utziaz. Arkaitz Rodriguez eta Aiora Epelde ezik, aske gelditu dira beste auzipetu guztiak, sententzia ezagun egin arte behintzat. Gazteek ez dute fidantzarik ordaindu behar izan, eta dirudienez, gaur bertan izango dira aske.

Gaurko defentsan, beste behin ere, akusazioaren argumentu juridiko ustezko horiek hankaz gora jarri dituzte gazteek zein defentsak. Batetik, erakutsi dute froga bezala, benetan existitzen ez diren dokumentuak erabiltzen ari zela akusazioa, eta bestetik, telefono pintxatze gehienak epailearen autorik gabe eginak zirela, nuloak beraz. Juridikoki buelta eman zaie hortaz akusazioak erabilitako argumentu guztiei.

Lehen esan bezala, auzipetu guztiek izan dute banan banan hitz egiteko aukera, eta hainbat gauza esan dituzte, Gazte Mugimenduan aritzeaz harro daudela esaterako. Gazteak direla esan dute, independentistak eta iraultzaileak, eta horretaz harro daudela, gaur inoiz baino gehiago. Orohar, gehienek epaiketaren izaera politikoa azpimarratu dute, baina desberdintasun batekin hasi zenetik gaur arte: bagenekien epaiketa hasi aurretik epaiketa hau politikoa zela, eta gaur ere hori badakigu, baina desberdintasun batekin: gaur guk jakitez gain, publikoan dagoen jendeak, epaimahaiak berak eta Euskal Herri osoak badaki epaiketa hau politikoa dela.

Auzietuek berretsi dutenez, antolakuntza eta borroka dira epaitzen ari direna, ez ekimen deliktiboak, herri oso bat baizik. Guztiek berretsi dute gaur inoiz baino gehiago borrokan segitzeko asmoa dutela. Olatz Dañobeitiak egindako interbentzioan orain bakearen bidea irekitzeko garaia dela aipatu du, Arkaitz Rodrigezek aldiz, preso poltikoen ikuspuntutik burutu du interbentzioa, euskal preso politikoek prozesuan parte hartzeko eskubidea dutela aldarrikatuz. Markel Ormazabalek gazte mugimenduaren indarra azpimarratu du, honen defentsa irmoa egin duelarik, eta Ugaitz Elizaranek esan du bera dela terrorismoaren biktima, lau urtez preso egon delako, eta bera bezala, zelda batean zeuden guztiak izan direla terrorismoaren biktima.

Gartzen Garaiok Nerudaren esaldi bat bota du: Loreak moztu arren udaberria ez da geldituko alegia. Epaileak visto para sentencia esan eta orduantxe mikrofonoak kendu dituzte. Mikrotik kanpo entzun ahal izan da Arkaitz eta Aiora ezezik beste guztiak aske gelditzen zirela sententzia izan arte eta aske dauden auzipetuek, abokatuek eta epaileek solik entzun ahal izan dute berria. Preso dauden auzipetuek eta publikokoek aldiz, ezin izan dute entzun, momentu berezia sortu da orduan, keinu bidez berria jakinarazi ditenean.

Audientzia Nazionaletik irtendakoan, atean bertan, Eusko Gudariak abestu dute lehendik aske dauden gaztek. Soinean kamiseta gorria jantzita, momentu hunkigarria bizi ahal izan dute benetan han egondakoek. Dirudienez, preso zeuden auzipetuak gaur bertan irten ahal izango dira kalera Aiora eta Arkaitzek preso jarraituko dute ordea, beste auzi batzuk direla eta hauek konpontzearen zain.

Iturria >> Gaztesarea