Euskal Herriko komunista, ezkertiar eta abertzaleen bilgunea.
Foro de komunistas, gente de izquierdas y abertzales de Euskal Herria.

5/09/2005

Eskubide nazionalen aldeko borroka eta sozialismoaren aldekoa borroka bera da

Herri irlandarrak inperialismo britainiarretik askatzeko izan duen borroka historiako luze eta gogorrenetako bat izan da eta borroka honek jalgi ditu euskal langile klaseak eta gazteriak ikas ditzakeen ikasgai ugari.

Euskal Herriaren kasuan zehazki, prozesu irlandarra izan zen Lizarrako ituna iradoki zuena. Horren porrotetik urte batzuk igaro direla, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea lortzeko euskal burgesiarekin fronte bakar bat osatu behar dela esaten da tematurik oraindik, baina espainiar oligarkiarekin loturak dituen euskal eskuinak inoiz ez dituela herriaren nahi demokratikoak sutsuki defendatu eta hau zapaltzen dutenei ez dietela gogorregi aurre egin erakutsi du, ordea, esperientzia historikoak. Bere jokabideak, Alderdien Lege antidemokratikoa babestu eta erabili duelarik, oso garbi erakutsi du hori dena. Euskal Herriko autodeterminazio eskubidea lortzeko eta herri honetako gehiengo zapalduari (langileei, gazteei, langabeeiŠ) eragiten dioten arazoak amaitzeko bide bakarra errebindikazio demokratiko guztiak, itzulingururik gabe, kapitalismoaren aurkako eta sozialismoaren aldeko borroka planteatzen dituen programa batean biltzea da.

James Connollyk, iraultzaile marxista irlandar handiak, Irlandaren askatasunaren alde borrokan ari zirenei, borroka horrek sozialismoaren aldeko borroka zabalago baten zati izan behar zuela ohartarazi zien, edo, bestela, porrotera behartua egongo zela: «Bihar armada britainiarra botatzen baduzu eta bandera berdea Dublingo Gazteluaren gainean eskegi, errepublika sozialista bat antolatzea planteatu ezean, Ingalaterraren menpe jarraituko duzu, kapitalisten, lurjabeen eta herrialde honetan ezarritako merkataritza eta industria erakundeen bitartez menderatuko zaitu. (...) Irlandarrentzako Irlanda baten alde gaude. Baina zeintzuk dira irlandarrak? Ez da langile etxeen jabe den alokatzailea, ez irabaziei zukua atera nahi dien kapitalista izerditsua, ez abokatu txukuna, ez prostituitutako kazetaria ­etsaiaren soldatapeko gezurtiak­ (...). Ez dira horiek etorkizuna bere eskuetan duten irlandarrak. Ez dira horiek, langile klase irlandarra baizik, nazio libre bat jaso dezakeen klase zurrun bakarra». Britainia Handiagatik Irlandak jasandako zapalketarako, lapurretaz nahiz esplotazioz betetako mendeen ondoren, ez du oraindik konponbiderik aurkitu, ezta aurkituko ere oinarri kapitalis- tako gizarte honetan.

Irlandako akordioa eskuetan dugula, inork ezin du onartu katolikoek, iparraldeko sei konderrietako sektorerik zapalduenak, kontzesiorik jaso dutenik Gobernu britainiarraren aldetik. Akordio horiek irlaren lurralde banaketa bedeinkatzen du. Hego Irlandak, zeinaren Konstituzioak 26 konderrien batasuna eskatzen duen (iparraldeko 6 konderriak barne), uko egin dio eskaera horri. Akordioak irlako puntu guztietako ordezkariak biltzen dituen «Kontseilu» bat ezartzen du, botere eraginkorrik ez duena, ordea. Autodeterminazio eskubideari dagokionez, iparraldeko sei konderrietara mugatzen da. Hori babes bilakatzen da protestante eta unionista sektarioentzat, ordea; gehiengoa izanik ez baitute Irlanda batu bat onartzen, kapitalismo britainia- rraren petik aske.

Ipar Irlandako Gobernu autonomikoan, ostiral santuko akordioen ondoren sortuan, akordioaren alderdi sinatzaile guztiek hartzen dute parte, Sinn Feinetik hasita eskuindar unionistak arte. Praktikan, ordea, zer ebatziko du akordioak masa langileentzat? Ez langabezia, ez desberdintasun sozialak, ezta bizi-baldintzen gutxitzea ere ez dira desagertuko kapitalismoaren pean, mundu-ekonomiaren eboluzioaren menpe jarraituko baitu Irlandak. Ez da batasun irlandarra lortzen, ez subiranotasuna lortzen, ez sektarismo nahiz aginte britainiarrarekin amaitzen. Baldintza horietan ez da egiazko bakerik lortuko.

Hala, datozen egunotarako, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta zenbait gaztetxetan, Irlandako prozesuaren inguruko hitzaldi/tertuliak antolatu dituzte, Gerry Ruddyren parte-hartzearekin. Gerry Ru- ddy IRSPko (Irlandako Alderdi Sozialista Errepublikarra) Komite Nazionaleko kideak mugimendu errepublikar irlandarraren ikuspuntu sozialista iraultzailea eta bakea lortzeko klaseko alternatiba bat eskainiko du. IRSPk 60ko hamarkadaren amaieran Seamus Costello buru zuela mugimendu errepublikarretik ezkerrera jo zuen sektore batean du jatorria, eta 1974. urtean sortu zen Conolly iraultzaile sozialista irlandarraren ideietan oinarriturik.

Iturria >> Gara.net

Ibon Artola eta Manu Odriozola
---------------------------------------------------
Hemendik zorionak artikuluagatik, zuen kolaborazioetara irekiak gaude gogoratu. Zuen artikuluak, iritziak etab. bidali.

Desde aquí felicidades por este artículo, estamos abiertos a vuestra colaboración. Mandarnos vuestros articulos, opiniones etc.