Euskal Herriko komunista, ezkertiar eta abertzaleen bilgunea.
Foro de komunistas, gente de izquierdas y abertzales de Euskal Herria.

5/07/2005

Langile bat hil eta hiru zauritu Urnietan lanerako bidean

URNIETA

Langile bat hil zen eta lau zauritu ziren, atzo, Urnietan, auto istripu batean, lanerako bidean zihoazela. Lakuako Barne Saileko iturriek adierazi zutenaren arabera, istripua goizeko 7.00ak aldera gertatu zen GI-131 errepidean, Donostiako norabidean.

Langileak eramaten zituen Citroen C-15 furgoneta errepidetik atera zen eta horma baten eta seinale baten aurka talka egin zuen.

Laurak zauritu ziren. Batek zauri larriak izan zituen eta harrapaturik gelditu zen. Istripua gertatu eta ordu erdi geroago oraindik furgoneta barruan zegoen atera ezinik.

Osasun zerbitzuetako langileak eta suhiltzaileak hura ateratzen saiatu ziren, baina lortu zutenerako, 8.00ak baino lehenago, hilda zegoen.

Laurak Galiziako langileak ziren eta lantokira zihoazen istripu gertatu zenean. Hildakoa gidaria zen, S.G.F., 25 urtekoa, eta Santiagon bizi zen.

J.E.S.D., 30 urtekoa, Coruñan bizi zena; F.J.A.C., 42 urtekoa, eta R.H.B., 47 urtekoa ­azkeneko biak Santiagoko biztanleak­ zauritu egin ziren, eta Donostiako Ospitalera eraman zituzten. Suhiltzaileek adierazi zutenaren arabera, lau langileak Gipuzkoako obra batean ari ziren lanean.

21 langile hilda aurten


21 langile hil dira, Euskal Herrian, urte honetan. Azken heriotza joan den apirilaren 26an gertatu zen Ultzamako baso batean, zuhaitz bat gainean erorita, Lan Osasunaren Nazioarteko egunaren bi egun lehenako

Hala eta guztiz ere, euskal sindikatuek salatzen dutenez, hildakoen kopurua handiagoa da; izan ere, lan istripu asko estatistiketatik kanpo gelditzen baitira, langile autonomoei gertatzen zaielako edo langilea istripua gertatu eta hainbat egun igaro ondoren hiltzen delako. Halaber, Urnietako bezalako istripuak, in itinere, ez dira beti kontuan hartzen.

Iturria >> Gara.net