Euskal Herriko komunista, ezkertiar eta abertzaleen bilgunea.
Foro de komunistas, gente de izquierdas y abertzales de Euskal Herria.

6/08/2005

Volkswageneko langileak mobilizazioak egiten hasiko dira berriz

·Txandaka egindako bi orduko lanuzteetan eta elkarretaratzean jende ugarik hartu zuen parte

IRUÑEA

Volkswagen Navarrako langileek atzo ekin zioten mobilizazio egutegi berriari, hitzarmenaren negoziazioan duten «geldiera» dela-eta. Atzoko, lan-txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak aurreikusi zituzten eta langileek esandakoaren arabera, gehienek egin zituzten lanuzteak.

Era berean, elkarretaratzea ere egin zuten Volkswageneko zuzendaritzaren bulegoen aurrean: han ere langile asko bildu zen. Mobilizazioak batzordeko sindikatu guztiek berresten dituzte.

Abian jarritako espedienteak

Horrez gain, gogoan izan behar da, VWko zuzendaritzak batzordeko 30 kide eta ordezkariri espedienteak abian jarri dizkiela.

Izan ere, enpresak dioenez, 30 lagun horiek maiatzeko azken asteburuan lantegi bateko lana eragotzi zuten.Zuzendaritzak dio kide horien jarrerak «legea alde batera» uzten duela, eta «hutsegite larria» dela gaineratzen du.

Horren haritik, zuzendaritzak dio hasieratik dituzten desberdintasunak konpontzeko negoziazioaren alde egin duela eta enpresa batzordea dela «mobilizazioen alde egin duena presioa egiteko eta negoziazioa baldintzatzeko».

Zuzendaritzarekin gaur egingo dute bilera batzordeko kideek, arratsaldeko bostetan. Bertan, Jose Luis Erro Nafarroako lantegiko zuzendari orokorrarekin hitz egiteko aukera izango dute. Dena den, bileran ez badute negoziazio aurrerapausorik egiten, bihar ere bi orduko gelditzeak egingo dituzte, eta, ostiralean, gainera, manifestazioa egingo dute Iruñean.

Bestalde, atzo izan zen greba eskubidearen urraketa dela-eta, LABek enpresaren aurka jarritako salaketaren ikustaldia. Sindikatu abertzaleak, era berean, enpresa zigortzeko eskatu du, greba egunetan parte hartu zuten langileak ordezkatzeagatik.

Iturria >> Gara.net